Peio JORAJURIA
Nebulosak eta sareak
Sarkozy poderean denez geroztik, mila borroka-frente ideki dira. Erretretak, funtzionarioen kopurua, JAO-ak, ama eskolak, gida baimenaren erreforma, frantses eta atzerritar batez osatutako bikote mixtoen egoera... Nahas-mahas, karrikan gurutzatzen dira langileak, ikasleak, arrantzaleak, burasoak... Denak manifestatzen, protestatzen, edo salatzen.
Egoera larrienean delako seinale. Baina ala ere, militante izanki, nebulosa zabal hunen ikusteak plazer egiten du. Bizia bada oraindik, herria ez da hila. Ez, ez da 1968ko maiatza. Ez, jende horiek ez dute gizarte berri bat eraiki nahi. Ez, ez dute gizarte eredu berri baten zabaltzeko asmorik. Defentsan ari dira. Gaur badutena biharko atxiki nahi dute. Atzo kendu diotena gaur berreskuratu nahi dute. Argumentazio akatsa ainitz, anbizio gutti, esperantza oraindikan guttiago... bai, baina jende ainitz karriketan, ohiuak, banderolak, "zerbeiten egiteko" gero eta nahi gehiago...
Mugimendu guzi hori debalde ? Aktualitateak inpresio hori ematen du. Merkatuaren lege "naturalak", Europaren aginduak, Estatuaren zorrak, nazioarteko konkurenzia... Mila aitzaki aldarrikapenak oztopatzeko, baina arrazoi bat zinez pesimista izateko : engaiamendu guzi horiek biziki puntualak direlako sentimendu azkarra. Behin, bitan edo hirutan baizik mugitzen dena, sistemak badaki irensten. Protesta guziak sektoreka sailkatuz, lortzen du bakotxa marginalisatzea, laister ahantzitako anekdota bilakaraztea... Nahiz eta azken urte huntan grebak egunero izan diren, nahiz eta herri ttipietan ere manifestaldi desberdinak karrika berdinetan gurutzatzen diren, ez da mugimendu indartsu baten inpresioa sortzen, ez kanpotik begiratzen duenarentzat, ez eta barnean direnentzat. Mundua bat-batean aldatzeko gaitasuna dugulako sentimenduak baizik iraultzak sortzen ahal ditu, baina ahuleziak morala ttipitzen du.
Iraultza aipatu gabe, mundua sendotzeko aski jende bada karriketan. Eta zerbeit lortuko da mila borroka frenteak lotuko direlarik postura ofensibo baten hartzeko. Baina ez ditugu denek lehentasuna berdinak, bereziki defentsa egoera batean gireno. Ez ditugu gure borrokak bazterrerat utzi nahi besteenak eramateko, hitza atxiki nahi dugu, ez gira besteek erraten duten guziekin ados... Baina denak lotu behar gira emaitza batzuen lortzeko. Sarearen printzipioa berritz aipatzeko garai hoberena, ez ?
|