Pariseko bizia hiriko bizi gehienetan bezala, bizi indibidual bat da, nun jende bakar batzuk ezagutzen dituzun eta hortan mugatua ziren. Ez da auzoen berririk gure herri tipien gisara, auzoak ez baitira ezagutzen. Ezagutzen dituzun jende bakar horiekin soilik zira interakzioan egunez egun. Beraz, Parisen, ene izenak ala azentuak sortzen dituen galderak behin pasa eta gero jakina da ezagutza horientzat.
Hala ere, atzo lehen hartu emanen jokoa berriz hasi dut. Aldi huntan Unesco-n lan egin duen emazte batekin. Bazekien euskalduna nintzela lagun baten bidez ezagutu baitut. Baina ene azentua bitxi egin zitzaion. Nik, ene amahizkuntzaren influentzia zela nioen (behar bada ere mintzatzean indar guti egiten dudalako dela...).
Beraz galdera zehatzak hasi dira. "Zein da Euskal Herriaren superfizia ?". Nik, ni puta idea. Ondoan erantzun diot, erranez ezin niola erran zenbat kilometro karratu egiten zuen baina bi edo hiru milioi biztanle ginela. Eta guti gora behera laurdenak euskara mintzo zuela.
Parisen nehork ez daki euskarak ez duela tutik ikusteko frantsesa ala espaniolarekin.
Beraz esplikatu behar Europako hizkuntz zaharrena dela, aitzin-indoeuropear hizkuntz bat dela. Usaian hori erratean ene aitzinekoak zailtasunak ditu kontzeptu honen aitortzeko. Baina zahartasuna objektiboa denez eta ez denez xedeen araberakoa onartzen du. Hala ere, zahartasun horren eta nik erabiltzearen gaurkotasunaren artekoaz estonatua, anitzetan galderak horretan gelditzen dira.
Hor, emazteak populu desberdinak ezaguturik, bereziki kaukasetan egonik, diskusioak segitu du. "Noiztik mintzatua izan da hizkuntza ?". Atzokoarentzat, sekulako santza ukan dut bezperan begiratu bainuen Wikipedian zer bazen euskarari buruz. Beraz ene betiko jakintza balitz bezala Wikipedian irakurritakoa erran diot, bereziki estonatu nauen informazioa (hori bakarrik egon baitzait buruan). Hirugarren mendeko inskripzioak atzemanak izan berri direla 2006ean. Eta inskripzio horiek kasik gaurko euskaran idatziak direla. Gero, bistan dena, gehitu dut horiek direla oraingoz atzemanak izan diren lehen idatziak baina ahozko kultura dugunez ezin dela oraindik jakin gure hizkuntzaren historia noiz hasten den ez eta ere nun hasten den eta teoria anitz badirela horren inguruan.
Atzokoan bakarrik hizkuntzaz mintzatu gira eta bezperako informazio bilketari esker lortu dut kiskun kaskun zerbaiten erratea. Ordea, populuaren historia aipatu bagenu oraindik galduagoa nintzatekeen (azken hamarkadetako gertakizunetaz bakarrik jakinean bainaiz).
Nahiz eta euskaldun senditu, aitortu behar dut guti dakidala Euskal Herriaren historiari buruz eta zinez faltan dudala (autoformatzen saiatzen niz baina bada lan...).
Zer pena ikastolan ene amahizkuntzan gure menperatzaileen historia bakarrik ikasi dudala...