www.erabili.com
Bolognako izara zuriarekin estalitako fantasma bat hedatzen ari zaigu Europan eta guk, mamuaren aitapontekoen erraldoitasunak zurturik nonbait, begiratu baizik ez dugu egiten haren harat-honata. Eta, fantasma den heinean mehatxagarri egiten bazaigu ere, estalki zuriak itxaropenez beteriko aukeratzat harrarazten digu ezkutuko izarapekoa. Eta kezka nagusia: benetan beldurgarri ote? ez al du gure seme-alabak maindirepean jolasteko adina konfiantzarik ematen?
Adituren batek esandakoari kasu egiten bazaio, une honetan ezer gutxi bide dakigu fantasma horren izaeraz, haren eragileak ez baitu gehiegi zehaztu etorkizunean izan gogo duena. Are gehiago, aditu neoliberalen ustetan, izara zuri oraingoz orbangabeak berak erakusten du ibiltari europarraren benetako izana: askea, baketsua, askatasunaren aldekoa, guztioi irekia, demokratikoa, gizartearen eta zientziaren aurrerapenaren aldekoa, enpresaren munduan txertatua, sano(ki) lehiakorra, aukera berdinak eskaintzen dituena... eta, hori gutxi bailitzan, baita euskalduna ere gure txokotxoan. Jakina, ez datoz lerrook europar konbergentzia unibertsitarioari buruzko kontakizunaren amaiera kontatzera, nekez balia baikenezake honelako artikulu mugatu bat kezkak agertzetik harantzago joateko.
Baina, edonola ere, bidean gaudelarik, eta Bolognaren benetako haragitzea nolakoa izango den jakin ez dakigun arren, erraz ohar gintzaizkioke dagoeneko UPV delakoan konfiguratzen hasia den goi-mailako hezkuntza-sistemari, ea behingoz antzematen ditugun ezartzen ari zaigun ereduaren joera nagusiak.
Gauzak argitze aldera, eta unibertsitate guztien zinezko nortasuna, ezaugarriak eta «balioak» finkatuko dituztenak egungo lizentziaturen ondokoak (gradu ondokoak edo masterrak, alegia) izango direla sumatuz, zer hoberik UPV elebidunean datorren ikasturtean irakatsiko diren gradu ondokoei begiratu xume bat luzatzea baino? (...)
Master ofizialen atalean, hau da, Europar Unibertsitate Eremuan ditugun lehendabiziko ikasketa egituratuenean, 2007-08 ikasturtean berrogeita bi (42) master eskainiko dira UPVn. Horietatik, 22 gaztelania hutsez izango dira (proiektua eta tutoretzak euskaraz egiteko aukera irekitzen da batean), 4 master ingeles hutsez, 2 master euskara hutsez eta master bat ia osorik euskaraz. (...)
Beren burua finantzatu behar duten Titulu propioak izeneko gradu ondokoen atalean gauzak ez dira gehiegi aldatzen. (...)
Horietatik guztietatik bi (2) baino ez dira euskara hutsez eskaintzen, 31na krediturekin eta, prezioaren aldetik, zerrenda merkeenean kokatuak. Hirugarren batek gaztelaniaz/euskaraz eskaintzen du kredituen herena. Gainerako guztiak, 1.550 bat kreditu bete arte, gaztelaniaz eskaintzen dira. (...)
Eta galderak. Bat: berez eta mirakuluz aldatuko ote dira hizkuntz «joera» horiek Bologna bidean? Bi: «nagusiki euskarazko gaitasun linguistikoa duten irakasleen faltagatik» gertatzen ote da desproposito glotofagiko hau? Eta krematistikoa hirugarrena: zein poltsikok ordaindu ahal izango du gradu ondokorik europar konbergentzi prozesu liberalizatzailea burutu eta bankuko kredituen interesek gora egin dezatenean?