Uxue ALBERDI / sustatu.com
Hamaika Bertuteko kideok bertso-saioak antolatzeko baliabide urriak dituzten antolatzaile potentzialei bertso-saioak antolatzeko aukera eskaini nahi diegu. Pasa den larunbatean Hamaika Bertute eguna antolatu zen, honen helburua ekimenari hasiera ematea zen eta, bide batez, bertsoaren bidez eta bertsolariei esker gozatu eta gozaraztea.
Talde honetan bildu garen bertsolari, gai emaile eta abarrak bertsogintzan jarduteko gogotsu gaude. Proiektu hau gogo horri irtenbidea emateko modu bat dela uste dugu. Badira Euskal Herrian gogo hori bera duten bertsolari gehiago; horregatik, irekita dagoen taldea da. Bere filosofiarekin bat egiten duten bertsolariek eta gai-jartzaileek bertan izena emateko aukera dute.
Hamaika bertuteko kideok bertso-saioak antolatzeko baliabide urriak dituzten antolatzaile potentzialei bertso-saioak antolatzeko aukera eskaini nahi diegu: mugimendu sozialak (gaztetxe, gazte asanblada, elkarte...), lagun koadrila, soziedade gastronomiko, auzoetako festaŠ
Autoeraketa eta autogestioa dira Hamaika bertuten bildu garen kideon oinarriak. Telefono mugikor bat daukagu. Antolatzaileek bertara deitu beharko dute bertso saioa antolatzeko. Telefonoa hartzeko ardura duena arduratuko da bertsolariak lotzeaz eta antolatzaileari izenak jakinarazteaz.
Bertsolari bakoitzarentzako 25¤ko dieta asumituko dute antolatzaileek eta baita bertako gastuak ere (bertso-afari/bazkarietan afaria edo bazkaria, saioko tragoakŠ).
Hamaika bertuteko partaideek proiektu honen bitartez egiten dituzten saio kopuruaren arteko desorekarik egon ez dadin, antolatzaileak ez ditu bertsolariak aukeratuko. Antolatzaileak aukera izango du gustuko dituen bertsolariak ekartzea proposatzeko, baina Hamaika bertutek erabakiko du saiora joango diren bertsolariak zeintzuk izango diren. Honekin, partaideek antzeko saio kopuru a egitea lortu nahi da.
Saioetan bertsoa duintasunez eskaini nahi dugu eta horretarako honako baldintzak eskatzen ditugu: saioaren protagonista bertsoa izatea (bertso-afari, bertso-bazkari, jaialdi...), jendea entzuteko prest egotea, saioaren propagandaz antolatzaileak arduratzea, pertsona bat arduratzea bertsolariei harrera egiteaz. Saioa baino ordu erdi lehenago bilduko da arduraduna bertsolariekin, saioa egingo den lekuan. Megafonia eta bestelako baliabideak eskuratzeaz antolatzaileak arduratzea.
Hamaika Bertute taldeak baldintza duinak eskatzeaz bat, saio duina eskaintzeko ardura hartzen du: saioan kantatuko duen bertsolari-taldeak maila ematen duela, eta kanturako jarrera gogotsua eramango duela ziurtatzea Hamaika bertuteren ardura izango da. Harremanetarako : 0034692715744. Helbide elektronikoa: hamaikabertutegmail.com (webgunea: www.hamaikabertute.net )
Amaia Agirre, Miren Artetxe, Jon Martin, Joki Uranga, Iñigo Manzisidor, Eneritz Zabaleta, Julen Zelaieta eta beste 30 bat partaidek osatzen dute Hamaika Bertute.