Jean-Louis DAVANT
Gaza
Tibet eskualdea modan dügü, Jokü Olinpikoak direla medio. Ahal bezainbat balia dakiola, oi bena berehala, beldür izateko beita ez deiola lüzaz iraünen. Orit gitean, gü ere eüskaldünak, modan ginen düala laster berrogei urte, Burgosko auzi famatü haren altean. Eta orai non gaude ? « Kiristien » borta urdinetik « türken » borta gorrialat igaranik, maleruski, « honen aldetik » gaixtoen hartara ohiltürik. Eta non daude däla berri telebista beteka aipü ziren beste popülü eta herrialde malerus zonbait, hala nola Darfur eta Txetxenia dohakabeak ?
Egün hoitan, bena aspaldidanik ere, infernüa jasaiten dü Palestinako Gaza eskualdeak. Miliu bat eta erdi palestinar hor bizi dira, lürralde txipi eta hersiñi batetan, Israel eta itsasoaren artean tinkatürik, builta hontan gosearen mügetan ahal bezala bizi, parte hon bat ONU delakoaren lagüngoari esker. Hona non hori ere ez zaion haboro heltzen, Israelek janarien karreatzeko behar den erregeia ez beiteio igaraitera üzten.
Badakigü Gazan Hamas alderdia dela Nausi, popülüak bozkaz haütatürik. Israel eta biak hora eta gatüa bezala dira beren artean. Mündüko Estatü hanitxek, bereziki mendebaleko azkarrenek, Hamas delakoa erakinte terroristen zerrendan ezarri düe ? Israel baliatzen da Palestinako zati hortan zapalkuntzaren bortizteko gerlako ekintzen arartez. Haatik beste zatiari, Zisjordaniari, ez deio horregatik oparirik egiten, nahiz horrek gobernû moderatüa düan. Hots ahalkezüngarri da Palestinan aspaldi honatn agitzen dena, bereziki Gazan.
Gisa horrez Israel ikatz gorrien atetzen ari da bere gainetik. Indarraz baliatzen da epe llabürra baizik ezin ikusiz, eta geroa izorratzen dü. Gaûza sinple hau ikasi behar lüke bertan : bakea etsaiarekin egiten dela, bestelan ez beita bakerik.
|