Gara: Latest news - Printed edition  |  Le Journal |  Documents
 
EUS | ES | FR | ENG
 » PRINTED EDITION
  - Index
  - Sujet à la une
- Basque Country
- Local
- Opinion
- Culture
- Sports
 » DOCUMENTS
 » Hemeroteka
Le JPB > L'opinion > Tribune Libre 2007-02-16
Koldo Tellitu / Ikastolen konfederazioaBegoña Bitorika / Sortzen IkasbatuaMari Karmen Urteaga / LABMikel Irastortza / Euskal Herrian EuskarazGurutze Sarasola / IkaAinhoa Castro / AekIbai Redondo / Euskal Herriak bere EskolaAinara Rodriguez / Ikasle Abertzaleak
Garaia delako bai eskola euskalduntzeari!

Eskolak Euskal Herriko ikasle gehienei euskararen ezagutza bermatzen ez diela ikusirik (%35), azken urteotan sentsibilizazio kanpaina eta ekimen ugari landu da gure herrian. Eremu, eragile eta herritarren aldetik ere gai honetan erantzukizuna duten instituzioei eskaera zuzena egin izan zaie behin baino gehiagotan. Eskolak Euskal Herriko ikasle guztiei euskararen ezagutza berma dakien, aipaturiko eskakizun sozial honen akuilu garrantzitsu izan gara hezkuntza eta euskalgintzako eragile ezberdinak. Eta izaten jarraitzen dugu. Adibide gisa, pasa den ikasturtean egindako sinadura bilketa handia nabarmendu daiteke, lurralde osoko era guztietako eragileek babestuta, Euskal Herri osoan 107.768 herritarrek izenpetzea lortu baikenuen.

Izenpetze horiek guztiak eta, zer esanik, azken urte eta hilabeteetan sektore askotatik zabaltzen ari den egungo politiken agorpena eta aldaketarako premia jendartearen borondatearen erakusle dira. Halere, euskal jendartean eskolak euskararen ezagutza berma dezan eta egungo politikak gainditu daitezen egindako eskaerak ez du instituzioen aldetik erantzun egokirik izan. Eragileok herritarren ahotsa instituzioetara eraman nahi izan dugu gure eskariak bertaratzeko eta instituzioen erantzuna ezagutzeko. Esan beharra dugu, oro har, jaso dugun erantzuna eskasa eta kezkatzekoa izan dela.

Horren harira, gogorarazi nahi dugu aipatutako izenpetze guztien kopiak instituzio ezberdinen eskuetan utzi genituela joan den ekainean eta, ondotik, urrian guztiei bilkurak eskatu genizkiela. Gaur arte, ezin esan daiteke erantzuna herritar horiek guztiek nahi zutena izan denik.

Udalbiltzak euskara ezagutzeko eskubidearen eta halako ekimen sozialen aldeko konpromisoa adierazi zigun, egungo eskumen eza eta egoera juridiko legala aipatuz oztopo nagusi gisa.

Euskararen Erakunde Publikoak bilkura eman eta argi utzi zigun, lege babesa funtsezkoa izan arren, aipatu erakundea estatu frantsesaren tresna zela eta, beraz, ezin dutela deus egin egindako eskaeraren inguruan. Era berean, euskararen ofizialtasuna lortzeko ere eskuak lotuta ei dituztela.

Nafarroako Gobernuak bilkurarako hitzordurik eman arren, ez zuen erantzukizun politikoa duen ordezkaririk bidali, teknikari bat baizik. Beraz, ezin esan daiteke bilkuraren edukiak aginte politikoa dutenekin landu direnik.

Eusko Jaurlaritzak ez du bilkurarik eman. Urriaren hondarrean eskaera egin eta behin baino gehiagotan ahalegindu garen arren, gaur arte ez dugu erantzunik jaso.

Esan bezala, bereziki eskumenak dituzten instituzioek emandako erantzuna oso kezkagarria iruditzen zaigu. Are gehiago, une garrantzitsu batean gaudela eta jendarte esparru aunitzek aldaketa eskatzen dutela ikusita, aldaketa bultzatzeko prest dauden indarrak kontuan ez hartzea ez da normala.

Une garrantzitsuan gaude, bai. Batetik, aipatzen ari garenez, agerian geratu da egungo politika ezberdinen porrota. Egun Euskal Herrian ez dago ikasle guztien euskararen ezagutza bermatuko duen politikarik; hala, milaka herritarren hizkuntza eskubideak urratzen dira. Horrela, euskararen normalizazioa erdiestea ezinezkoa da eta are gutxiago, honekin batera, eskolan eta eskolaz kanpo dauden beste aldagaiak aintzat hartzen ez badira. Planteamendu integral baten beharra inoiz baino agerikoagoa da, euskararen erabilera normalizatua lortzeko eta ikasleak osoki euskalduntzeko. Bestetik, jendartean eta eragile ezberdinen artean baieztapen horrek indar handia hartu du azken hilabeteotan. Gehienak euskalduntze osoaren alde agertzen ari dira eta hori, hedabide eta egin diren jardunaldi eta bilkura ezberdinetan ikusi ahal izan dugun bezala, urrian Burlatan egin zen Nazio Eztabaidan ere azpimarratu zen. Bertan, euskalduntzearen alde gauden indarren arteko estrategia bateratua aurrera eramatea erabaki zen, konpromisoen bitartez, eskolak euskararen ezagutza berma dezan neurriak gauzatzen joan ahal izateko.

Halere, zatiketa administratiboaren baitan ez dirudi gehiengo horrek ostarte zabala ikusiko duenik:

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian otsailean ereduen politika aldatzeko eztabaida egin behar dute Gasteizko Parlamentuan. Eusko Jaurlaritza, aditu batzuen ekarpenez baina eragile garrantzitsu askoren parte hartzerik gabe, proposamen berria egiten ari da. Ikusteko dago proposamenaren nondik norakoak zeintzuk izango diren eta alderdi politikoek ze jarrera hartuko duten ere bai. Guk argi adierazi nahi dugu, aukera historiko baten aurrean gaudela eta aldaketa partzialik ez dugula ontzat emango. Egungo ereduen politikaren aldaketak baliabide politiko, sozial, ekonomiko, pedagogiko eta humanoak eskatuko ditu, eta, noski, epe jakin batean ikasle guztiei euskararen ezagutza bermatzeko plana. Horrexegatik, behin eta berriro eskatzen dugu erantzukizunez jokatu eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko aldaketa eragitea, besterik ez.

Nafarroa Garaian ere, hauteskundeen atarian egonik, une garrantzitsua dela ezin dugu ukatu. Azken hilabeteetan Nafarroako Gobernuak zenbait mugimendu egin ditu, politika eta jarrera "euskaltzalea" erakusteko asmoz. Bistan da hauteskundeen hurbiltasunak mugitzeko beharra eragin diela. Lerro hauetatik, euskararen alde agertzen diren alderdiei eskolak euskararen ezagutza ziurta dezan konpromiso politikoa eta neurri zehatzak publiko egiteko deia luzatzen diegu.

Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberuan, Euskararen Erakunde Publikoak onartu berri duen Hizkuntza Politikaren proiektua eta euskarari ofizialtasuna ukatzen zaiola aintzat hartuta, ezinezkoa da ikasle guztien euskararen ezagutza lortzea. Beharbada aurrera bide batzuk egon daitezke, baina egungo egoera tamalgarria (%4 euskalduntzen da) irauliko duen politika egin beharrean, euskara galbidean mantentzen duen politika egin dute. Gure ustez, frantses estatuaren asmo horiei erantzun beharko genieke.

Hortaz, aipatu ditugun jarrera horiek guztiak eta ikasle guztien euskararen ezagutza erdiesteko baliagarriak ez diren politikak gainditzeko beharra inoiz baino agerikoagoa delako, mobilizatzeko garaia dela azpimarratu nahi dugu. Eskuz esku lanean aritzeko deia luzatu nahi dizuegu euskaltzale, irakasle, guraso, ikasle eta, oro har, herritar eta herri erakunde guztiei. Aldaketak jendartetik bultzatu behar dira, eta, aldaketa horiek euskararen ezagutza herritar guztiei bermatu ahal izateko, jendartearen presioa ezinbestekoa da. Euskara Euskal Herriko ikasle guztiek jakin dezaten lan handia dugu aurretik. Gure lana ezinbestekoa da, eta ezin dugu besteek zer egingo duten zain egon edo ikusle paperean jarri. Horrexegatik, otsailean zehar eskualde eta herrietan gauzatuko diren dinamika eta ekimenetan parte hartzera deitzen zaituztegu. Martxoaren 10ean, berriz, ekitaldi nagusia egingo dugu Donostian. Mobiliza zaitez !


 
Print
 
...More news
Pays Basque
LA FDSEA se dit majoritaireen Pays Basque
Pays Basque
Max Brisson s’interrogesur la stratégie de Seaska
Pays Basque
«Rassemblons toutes nos forces pour faire revivre notre Pays Basque»
Culture
Ufaka zanpaka, carnaval d’aujourd’hui
Culture
Premiers Burp dansun autre Pays Basque
Sports
Dans la continuité du Super Prestige
Sujet à la une
Les voyants sont au vert pour les entreprises du Pays Basque
  © 2006 Baigura | Contact | About us | Advertise