erabili.com
Epaileek eta fiskalekez dute euskarajakin beharrik
Espainiako epaileek, magistratuek, idazkari judizialek eta fiskalek ez dute euskara jakin beharrik Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiteko. Epaitegi Konstituzionalak emandako epaiaren arabera Espainiako Estatuari dagokio, bere eskumena baita, epaile, magistratu, idazkari judizial eta fiskalei euskara jakitea eskatu ahal izatea. Horregatik jo du konstituzioaren aurkako Eusko Jaurlaritzaren 2001eko Dekretua, Justizia Administrazioan Hizkuntza Normalizatzea helburu duena: Eusko Jaurlaritzak ezin duelako arautu epaile, magistratu, idazkari judizial eta fiskalei buruz, horretarako eskumenik ez baitu. Epaitegi Konstituzionalaren arabera, Eusko Jaurlaritzak eska diezaieke euskara jakitea bere eskumenekoak diren auzitegietako langileei: forense, ofizial, auxiliar eta ajenteei. Baina euskara jakin beharra ezin du zabaldu, inola ere, epaile, magistratu, idazkari judizial eta fiskalengana, izan ere, Espainiako Estatuak baitu lanpostu horien betebeharrak arautzeko aginpidea. Eusko Jaurlaritzak 2001eko ekainaren 26an onartu zuen dekretua, Justizia Administrazioan Hizkuntza Normalizatzea helburu duena, PP alderdiak goitik behera errekurritu zuen Auzitegi Konstituzionalean (II, III, IV eta V kapituluak eta xedapen gehigarri bi). Hain zuzen ere, errekurrituta zeukan euskarari buruzko eskakizunak neurriz gaindikoak iruditzen zitzaizkiolako. Eskariak eskari Auzitegi Konstituzionalak artikulu bakarra baliogabetu du, zazpigarrena. Auzitegi Konstituzionalak gehiengoz hartu du dekretua baliogabetzeko erabakia. Hala ere, Auzitegi Konstituzionaleko hiru magistratuk boto berezia eman dute, gehiengoak hartutako erabakiarekin bat ez datozelako. Magistratu hauen ustez, Jaurlaritzaren Dekretuak ez du ezer arautzen, eta ez du inor euskara jakitera behartzen. "Erkidegoari eskatzen dio epaile, magistratu eta fiskalei dagokienez, Espainiako Justizia Ministerioarekin edo Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin itunen bat egiten badu, Jaurlaritzaren dekretuak zehazten dituen hizkuntz eskakizunak kontuan hartzeko. Baina meritu gisa. Horrek ez du orden konstituzionala urratzen". PP alderdia oso gustora dago Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakiarekin: "Garbi uzten du PPk betearaziko duela Espainiako Konstituzioa, eta hori dela espainiar guztien askatasunerako, bakerako eta demokraziarako biderik onena".
|