Jose Luis AIZPURU
Ur gelditan
Zer erran, jadanik erran ez denik, ditxosozko bake prozesuaz? hemengoak entzun; hangoak behatu, eta urrunxeagokoak aditu ondoren, ausartuko naiz lerrotxo batzuk idaztera. Bake prozesu edo dena delako hau, argi da, ez doala bide zuzenetik: krisi egoera larria bizi duela, eta argi gorri guztiak piztu direla. Hausturaren mamua bolo-bolo dabilkugu burgainetan.
Argi dagoen bigarren kontua da, informazio gutti dugula. Behar bada horrela behar du izan, diskrezioa behar beharrezkoa baita elkarrizketa prozesu batean, baina, beldur naiz herritarrak ez ote diren akitzen hasiak.
Hegoafrikako bake prozesuan, zuzenki, parte hartu zuen Roelf Meyerek berriki erran du, funtsezkoa dela herritarrei informazio ematea, eta horretarako komunikabideen laguntza beharrezkoa dela. Ez dut uste hein berean garenik gure bake prozesu honetan. Espainiako komunikabide handiak bitan banatuak dira: gobernu sozialista sustengatzen dutenak, eta Zapateroren hitzak goraipatzen dituztenak, eta bestalde, eskuinarekin lerrokatzen direnak ; hau da, bake prozesua hausten entseatzen ari direnak.
Ez da ahantzi behar ere hamar miliun bozka ardietsi zituen Alderdi Popularra, elkarrizketa prozesu honen kontrako amorratua dela, eta horretarako baliatzen dituela egunero bere kordako hedabideak, eta epaileak ere. (Oroitarazten dizuet Ipar Irlandako prozesuan, Erresuma Batuko bi alderdi nagusinak ber bidetik abiatzea adostu zutela).
Kontuak kontu, eta zantzu guztien arabera, Espainiako gobernuak negoziaketa fasea ur gelditan atxekitzea deliberatu duela. Ez arrunt gibel, baina ez aitzina ere. Ez arre, eta ez iso. Asteburuetan gertatzen diren karrika erasoak aitzikitzak hartuz, mementokotz, ez pausurik ematea erabakia du. Zergatik ? Eztabaidaren mamia mahain gainean jarri dutelako alde bateko negoziatzaileek : hau da, Euskal Herriak, edo Euskal Herriaren zati batek, ba ote du bere geroaz erabakiak hartzeko eskumenik, Madrilgo onarpenik gabe? Euskal Herriaren zati bat soberanoa izateko bide legalik onartuko ote du Espainiako gobernuak? Nafarroa eta Euskal Autonomi Erkidegoaren arteko harremanak nolakoa beharko du izan geroan?
Hegoaldeko alderdi politiko oro gai hauetaz eztabaidatzen hasten direnean, ikusiko dugu Madrilgo gobernuak noraino duen soka lasatzeko nahikeria.
Eta Iparraldeaz? Ez dut uste agenda politikoan lehen lerroetan dutenik, geroak erranen.
|