L'opinion - Azken hitza
An de guiner is... Leire!
22/08/2008
Asier Azpilikueta (berria.info)
Urtero bezala, Nafarroako Estatistika Erakundeak(*) nafar haur jaio berriei paratzen dizkieten izenen ranking-a eman du gaur (**). Prentsa ohar ofizialak dio Lucia eta Iker izan zirela, 2007an, jaio berrien artean gehien errepikatu zituzten izenak. Eta urtero egin behar izaten dugu zehaztapen ergel bera: Nafarroan 74 Lucia jaio ziren iaz, bai; baina 49 Leire eta 49 Leyre ere bai. Beraz, i latinoarekin edo y grekoarekin idatzitako Leire izena da txapelduna, nesken artean. Izan ere, inork ez du erranen ama baten ahoan Leire eta Leyre izenak izen bera ez direnik:
"Leire / Leyre, zatoz hona!" [Bai, gauza bera da]
Zalantza handiagoa dut mutilen izenekin. 93 Iker jaio ziren, 2007an; eta 83 Javier. Baina azken horiei Xabier izenak eman zituen 58 haurrak batzen badizkiegu, hortxe dugu irabazlea: Javier / Xabier. Argi dago bi izenak toki beretik datozela, euskarak munduko izendegiari eman dion izenik emankorrenetik. Baina nik ez nuke erranen izen bera direnik. Lehenik, ezberdin ahoskatzen dira:
«Xabier, zatoz hona!» / «Javier, ven pa'quí!» [Ez, ez da gauza bera]
Eta, bigarrenik, gure Nafarroa eder honetan, Javier edo Xabier izenen hautatzea, aunitzetan, hautu ideologikoa izaten da.
Beraz, Iker dugu irabazle, mutilen artean. Eta, horretan, zerikusi handia izanen du, ziurrenik, kazetari espainiar ahoberoek «munduko atezainik onena» izendatu dutena Iker izatea (***). Izan ere, Nafarroan bizi diren Hegoameriketako gurasoen sailkapenean, adibidez, Iker ageri da bigarren postuan, Alexanderren gibeletik eta Alejandroren aitzinetik; eta ziurtatzen ahal dizuet Nafarroan bizi diren hegoamerikar gehientsuenek, zoritxarrez, ez dutela batere kontakturik euskal kulturarekin (guk haienarekin ere ez, seguruenik).
Eta, orain, zirku politikorik ergelenean ere ikusten ez den itzulipurdi dialektikoa eginez, honatx aurreko baieztapena goitik behera deusezten duen datua: Hegoameriketako gurasoek alabei jarritako izenen sailkapenean lehen postuan... Nerea!! Eta bigarren... Ainhoa!!!
Europatik etorritako gurasoen sailkapenean Daniel eta Sofia daude lehen postuetan; eta Afrikako gurasoen sailkapenean, berriz, Mohamed eta Aya.
Azkenik, aipa dezagun izendegi horretan gero eta ohikoagoak direla izen konposatuak. Hala, 2007. urtean erabili zituzten izenen artean honako hauek daude: Iker Dariano, Daren Alexander, Kevin Alejandro, Jhessenya Arlet, Allizon Natally, Iranzu Ainara... Iranzu Ainara!!!?? Bai, Iranzu Ainara. Eta jakin ezazue Iker izena 14 alditan erabili zutela iaz izen konposatua paratzeko. Adibide bakarra eman dute, baina edozer emanen nuke nik bertzeak ezagutzeko.
----------------------------------------------------------
(*) Sortu zenean, halako izena eman zioten euskaraz. Nafarroako Gobernuak euskararekiko aldentzea abiatu zuenetik, ordea, gaztelaniazko izena bertzerik ez dute erabiltzen.
(**) Bilatu, hemen, jatorrizko iturria, Gizarte saileko Onomastika atalean.
(***) Iker Etxetxoak, bai.




